Hemen zaude: Hasiera Eibar

Eibar

Erlazionatutako elementuak

Eibar Gipuzkoako Deba haranean (Bizkaiko mugan) dagoen 22 km2ko hiri bizia da. Hasiera batean Villanueva de San Andres izenez bataiatu zuten arren, bertako biztanleek berehala ahaztu zuten izen hori eta gaur egungo Eibar izenez ezagutu izan da beti.

Lehenagokoa izan arren, legez 1346. urtean jaio zen, eta harrezkero eskualdeko eta probintziako historian, ekonomian eta kulturan izen berezia izan du. Ego errekaren ertzean hazi da gure hiria, iparrean Arrate-Akondia-Urko mendiak eta hegoaldean Laupago-Galdaramiño-Ilordo dituela. Bost auzo ditu: Otaola, Aginaga, Arrate, Mandiola eta Gorosta. Horien landa-lurretan baserri, baseliza eta ingurune ederrak aurkituko dituzu.

Irudi panoramikoaEgo errekaren arroa estu eta maldatsua da, eta topografiak erabat baldintzatu du herriaren izaera, garapena eta egungo itxura. Eibar, bere sorreran eta lehen mendeetan, Ego errekaren inguruan biltzen zen hiria zen. Errekaren bihurgune batean zeuden eliza eta kale nagusiak, eta errekan zehar herriaren ekonomiaren sustrai ziren ola eta errotak. Aspaldikoak dira Eibarko olen lehen aipamenak, eta aspaldikoak ola horietan eibartarrek egin zituzten aurreneko armak.

Armagintza indartzen joan zen menderik mende: lehenengo Elgoibar eta Soraluzeren itzalean; gerora eskualde osoko ekonomiaren bultzatzaile. Armagintzak XIX. mendetik aurrera biziko ditu unerik oparoenak. Entrepresa ugari, salmenta handiak, indar handiko lantegiak (Victor Sarasqueta, Orbea, STAR, GAC, Beístegui...), ia eibartar guztiak armen inguruan lanean, eta diruaren usainera hainbat kanpotar helduko da Eibarrera. 1750an zeuden 1500 biztanleak 5382 dira 1890ean. Etxeak egin beharra, baina baita lantegi berriak egin eta zaharrak handitu beharra. Ondorioz, etxe-lantegi saltsa izugarria agertuko zaigu, bazter eta atari bakoitzean bana.

ArmaginakGerra ostean (1940tik aurrera) gertatuko da bigarren iraultza. Aurretik datorren armagintzaren krisia larritu eta industria aniztu egin beharko da. Arma-lantegi gehienak bizikletak, autoentzako piezak, makinak, edo josteko makinak egiten hasiko dira. Horrekin batera jasango du hiriak bere historiako aldaketarik handiena, aldaketa ekonomiko horrek ekarri baitzituen soziala (milaka lagunen etorrera, lan bila) eta urbanistikoa (gerran ia herri osoa erre ondoren, helduberri horientzat milaka etxebizitza egin beharra). Herria, 1945-1975 bitartean, 13823 biztanletik ia 40000 biztanlera igoko da, eta erreka aldameneko lurrak gainezka egin ostean, alboetako mendi-malda zorrotzak lapurtu behar izan zituen herriak, gaur egun duen itxura hartu arte. Ordukoak dira Urki, Amaña eta Ipurua auzoak.

Eibarko euskara izan da herriaren berezitasunetako beste bat. Sarritan erdal kutsukoa izatea leporatu bazaio ere, eibartarrak beti erakutsi izan du bere berbetarekiko atxikimendu sendoa, eta Toribio Etxebarria idazle eta pentsalari eibartarrak idatzi zuen moduan "eibartarrok autu guztiak darabiguz euskeraz, zerukuak zein lurrekuak". Gure euskararen inguruan hainbat lan eta liburu argitaratu izan dira, lehenengo T. Etxebarria eta Juan San Martinen eskutik, gero Serafin Basauri eta Imanol Laspiurri esker, eta azkenaldian Asier Sarasua, Nerea Areta, Antxon Narbaiza eta beste hainbaten eskutik.

Eibarko euskara mendebaldeko euskalkiaren Gipuzkoako azpieuskalkiko aldaera da. Koldo Zuazoren azken sailkapenaren arabera, Eibar inguruko berbeten barruan sartu beharko genuke, Soraluze, Ermua eta Elgetakoarekin batera, eta Bergara ingurukotik hurrean. 1936 arte ia herri guztia euskalduna bazen ere, diktaduraren mehatxuak eta milaka kanpotarren etorrerak, min handia egin zion ordura arte erabat euskaldun zen herriari. Dena dela, kultur mugimendu euskalzale indartsua jaio zen 1960 hamarkadan Club Deportivo Eibar, Arrate Kultur Elkartea eta Eibarko Ikastolaren inguruan. Haiek eutsi zuten Eibarko euskara sasoi ilun haietan, eta baita ondorengo urteetarako haziak erein ere. Azken 30 urteotan, ikastolen eta alfabetatze-kanpainen eraginez, badihardu berriro ere euskarak goraka. 1996ko datuen arabera, herritarren %49,5 da euskalduna, %16,8 ia euskalduna, eta %33,7 erdalduna. Eta 1998-1999 ikasturteko datuen arabera, haur hezkuntzan eta derrigorrezko hezkuntzan matrikulatutako umeen artean (2-16 urte bitartekoak), %51,4 D eredukoak dira, %47,1 B eredukoak, eta %1,5 A eredukoak.

BidebarrietaGerrateak ia erabat suntsitu zuen arren, Eibarrek baditu oraindik ere hainbat eraikuntza aipagarri. Elizen artean, San Andres Parrokia, Arrateko Amaren Basilika eta Azitaingo baseliza dira ederrenak. Azken honetan, bizarrik gabeko Jesusen irudia ikusteko aukera izango dugu, munduan dauden hiru bakarretatik bat. Bestetik, Aldatze, Untzueta eta Isasi-Markeskua dorretxe ederrak aipatu behar ditugu; lehenengo biak eskola bihurtuak, hirugarrena, UEUren (Udako Euskal Unibertsitatea) egoitza. Bestalde, derrigorrezkoa da orri honetara ekartzea Eibarrek izan dituen hainbat artista bikain, besteak beste: Placido Zuloaga, Ignacio Zuloaga, Jazinto Olabe, Lucas Alberdi edota Karlos Elgezua. Horien ondoren etorri dira gaur egungoak: Fernando Beorlegi, Iñaki Larrañaga, Asier Laspiur, Baroja Collet, Jose Zugasti, Daniel Chopitea...

Jaien artean, beste herri askotako San Juanak eta San Andresak ere jai handiak dira Eibarren. Baina beste hiru dira benetan kutunak gure herrian: San Blas eguna, Arrateko jaiak eta Gaztaiñerre. San Blas egunean (otsailak 3), zuriz janzten da Eibar, opilen eta eurak estaltzen dituzten zapien kolore zuriz. Etxe guztietan egiten dira oraindik ere San Blasak, anisez egindako opilak, eta ondoren eleizara eramaten dira, bedeinkatu eta gaixotasunak uxa ditzan. Antzina Santa Ines ermitan bedeinkatzen ziren; egun, San Andres parrokian. Arrate eguna (irailak 8) oraindik ere egun handiagoa da eibartarrondako. Herri guztia (eta baita inguruko herrietako jendea ere) batzen da Arrateko eliza inguruan (525 m) "gure zaindari onenaren" eguna ospatzera. Azkenik, Domusantu osteko bigarren astelehenean, Gaztaiñerre eguna ospatzen dugu. Jatorriz hildakoen aldeko hondra-jana zena, gaur egun lagun taldeak elkartu eta betiko afaria egiteko egun aproposa: marraskiloak eta gaztaina erreak.

Dokumentuaren akzioak
CodeSyntaxek egina, Plone erabilita