Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Karlos Elgezua Lasuen (1898-1987)

Eibarko Bidebarrieta kalean jaio zen 1898ko azaroaren 3an, Pedro Martingua izenez ezagutzen zen etxean, Arikitzaneko zubiaren alboan. 1987. urtean hil zen. Eskultore oso ezaguna, sinesmen handikoa, musika klasikoa entzutea eta Historiako liburuak irakurtzea gustatzen zitzaion eta, ezagutzen zutenek diotenez, ezin umilagoa zen.

Carlos ElguezuaJose Felipe  Artamendirekin hasi zen marrazketa  ikasten,  eta gauez, Jazinto Olabe maisuaren klaseak hartzen zituen.

Haurtzarotik ikusi zuen egurra lantzen, aita arotza baitzuen. Aitak lanerako laguntzailea behar zuenez, Gasteizera, Felipe Larrinoa maisuarengana bidali zuen ofizioa ikastera; Campillon zuen tailerra Larrinoak, katedral zaharretik oso gertu. Erreal bi ordaintzen zuen eguneko ikastearren, sei erreal apopilo egotearren.

Eibarren lanean zegoela soldadutzara joateko ordua iritsi zitzaion;  2000 pta., ordainduta berak nahi zuen lekura joan zitekeen soldadutza egitera; ordaindu eta Bilbo aukeratu zuen. Baimena zuen arratsaldeko 7etatik 9etara Arte eta Ofizioetako Eskolara joateko, han, Higinio de Basterra izan zuen irakasle.

Eibarrera bueltatu zenean, lanean segitu zuen. Bere lehenengo lana,  1923. urtean, bere aitari egindako eskultura bat izan zen, eta harekin irabazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren "artista hasberrien saria", 1000 pezetakoa sasoi hartan. Handik hiru urtera berriro irabazi zuen sari hori; 1928koa ere berak jaso zuen.

1925ean, aurreztu zuen diruari esker,  Parisera joan zen marrazketa akademia batean ikastera, Ignacio Zuloaga herrikidearen gomendioei kasu egin eta lanari ekin zion buru belarri.

1929. urte inguruan Arrateko Amabirjinaren  irudia zaharberritu behar zela eta, tailer moduko bat jarri zuen hango sakristian; laster konturatu zen amabirjinaren irudiak zuen balioaz eta  ordura arte egin zitzaizkion zaharberritze-lan eskasen ondorio kaltegarriez. Apaindura guztiak kendu zizkionean, XII. mendeko irudi eder bat zegoela ohartu zen.

Gerra hasi zenean Erromara joan eta han egon zen sei hilabetez.  Hango "Academia de Bellas Artes Española"n  asko ikasi zuen; eskola hartako  idazkaria Olarra abizeneko tolosar bat zen eta hark asko erraztu zizkion gauzak.

Karlos Elgezuak material mota guztiak menperatzen zituen: egurra, harria... Dena zekien lantzen baina erretratua zuen gustuko.

Eibarko Udalak, Ignacio Zuloagaren bustoa egiteko enkargua eman zion eta 1951eko ekainaren 24an inauguratu zen  Zuloagatarren plazan. Gaur egun ere han dago. Elgezuarena da baita Niceto Muguruza medikuaren omenezko oroitarriaren medailoia.

Armeria Eskolak ere badu bere beste lan bat, Julian Etxeberriaren bustoa alegia.

Eibarko  udalak herriko Artisten Elkartearekin batera 1973an erakusketa bat antolatu zuen Elgezuaren omenez.

Dokumentuaren akzioak