Hemen zaude: Hasiera Eibartarrak Juan San Martin Ortiz de Zarate

Juan San Martin Ortiz de Zarate

Juan San Martin, Eibar 1922 - Hondarribia, 2005

Juan San Martin "Juanito" 1922ko ekainaren 23an jaio zen Eibarren. Han egin zituen bizitzaren lehenengo urteak, 1936an gerra piztu zen arte. Aita Valentziara joan zen Errepublikaren alde borroka egitera eta ama eta lau anai-arrebak ihesi ibili ziren Arratian, Bilbon, Santanderren eta Gijonen. Bordelerantz itsasontziz zihoazela, frankistek hartu zuten ontzia eta Ferrolera eraman zituzten San Martin eta bere senitartekoak. Azkenik, Eibarrera bueltatu ziren.

Juan San Martin tornulari hasi zen lanean egunez, eta gauez, berriz, eskolara joaten zen. Gazte-gaztetatik irakurketa-zaletasuna bizi-bizirik izan du eta horrek eman dio autodidakta oinarriaren heziketa. Euskaraz alfabetatzeari ere, bere kasa ekin zion. Lanbide aldetik industria arloko zenbait espezialitateren esparruan aritu izan zen Eibarren eta, ondoren, makinaria inportatzen zuten enpresetan lankidetza eskaini izan du ere.

EzkontzaArrate, 1963. Juan San Martin eta Mari Paz Ibeasen ezkontza. Carmen Retenagak utzitako argazkia.

 

Kultura eta mendia gogoko

Irakurle sutsua izan da beti Juan San Martin, baita mendizale sutsua ere: mendian era guztietako praktikak egin ditu, hala nola mendigoizaletasuna, eskia, eskalada eta espeleologia. Garai batez eskalada eta mendigoizale eskolako irakasle-gidaria izan zen. Aipatzekotan, Bulnesko Naranjo mendia igo zuela hiru bide desberdinetatik, eta baita Pirinioetako zenbait mendi gailurrera igoteko bide berriak urratzen aitzindari izan dugula. Europako mendi-ibilbide ugari eginak ditu eta baita Pirinioetako eta Alpeetako mendikate gehienak ere.

Eibarko Kirol klubean parte hartu izan du betidanik. Berton zenbait kargu izan zituen, eta besteak beste, burua izatera heldu zen. Klub barruan (gizarteratze mailan) zenbait arlotan banandu izanez ohiturari jarraikiz. Eta ohiturei jaramonik egin gabe kultura saila sortu zuen, bertako biblioteka garatu; honela, kirol ekintzen osagarri modura, berbaldiak, ikastaroak eta zenbait erakusketa antolatuz.

Larran San Martin leizera espedizio espeleologikoetan parte hartu izan zuen. Eta, horren ondorioz, lehenengo idazlanak mendiari buruz idatzi zituen: Eibarko Kirol Elkartearen aldizkarian eta Pirenayca agerkarian ere, gazteleraz hasieran, euskaraz ere bai, gerora. Hau guzti hau kontuan izanik, 1955. urtean, Espainiako Mendi Federazioak zilarrezko domina eskaini zion.

HendaianHendaia, 1959. Ezkerretik eskumara: Juan San Martín, Edorta Alberdi, Toribio Echevarria, XX , XX. Eibarko udal artxiboa. Toribio Echevarrria Fondoa.

 

Idazlea

Imanol Berriatuaren Anaitasuna eta Jokin Zaitegiren Euzko Gogoa izan ziren kultur gaiei buruzko bere lehen artikuluen plaza 1950eko hamarkadaren hasieran, eta geroztik Euskal Herrian izan diren aldizkari gehienetan argitaratu du Juan San Martinek. Egan aldizkariko zuzendari izan zen 1983tik 1989ra. Eta zenbait urtez, Jon Bilbao jaunaren gidaritzapean, Eusko Bibliographia taldeko laguntzaile eta zuzendaritzako kide ere.

Euskal Herritik zehar ibili zaigunez gero, jarraiko gaiak landu ditu: historiaurrea, linguistika, arteak, arkeologia eta etnografia. Honela ba, historiaurreko zenbait aztarnategi (erromatarren garaikoak) eta artelan batzuk identifikatu egin ditu. Aldi berean, zenbait herri-kanta eta eskuz egindako lanen bilketa egin izan du.

Artikuluak ezezik, poemak ere plazaratu ditu Juan San Martinek, batez ere Euzko Gogoa-n eta Santi Onaindiak zuzentzen zuen Olerti aldizkarian. Poesia lanetarako erabili zuen goitizena, Otsalar, erreferentzia garrantzitsua izan zen 1960. hamarkadako euskal poesigintzan. 2001ean, argitaratu zituen orduko poema gehienak, Giro Gori liburuan.

Bere lehen liburua aspaldikoa dugu. Juan Antonio Mogelen bizitzari eta obrari buruzko liburua kaleratu zuen 1959an, eta gero beste hainbat etorri ziren: umorea, literatura, artea, etnologia, hizkuntza... era guztietako alorrak landu baititu Juan San Martinek bere liburuetan.

Hainbat erakundetako kide eta buru

Euskaltzaindiak 1957ko uztailaren 26an izendatu zuen euskaltzain urgazle. 1964ko abenduaren 18an, aldiz, euskaltzain oso aukeratu zuten. Sarrera hitzaldia hamar urte beranduago egin zuen, hots, 1974ko irailaren 14an, Urdazubin, "Literatura landuaren sorrerako giroa, Axularren garaira arte" gaia hautatu zuela. Jean Haritschelharrek erantzun zion.

Juan San Martin 1966tik 1978ra Akademiako idazkari izan da San Martin; 1970tik 1978ra diruzaina; 1978tik 1988ra Jagon sailburua. Euskaltzainburuorde ere hautatu zuten 1988an, baina kargua hurrengo urtean utzi zuen, Euskal Autonomi Erkidegoko Ararteko izendatu zutelako. 1994tik 1995ra Ombudsman Europear Institutuko burua izan zen. Urte horretan bertan utzi zion Ararteko izateari .

Espaniako Transizio politikoaren garaian Arte Ederretako Kontseilaria izendatu zuten. Bestetik, zenbait urtez, Donostiako San Telmo Museoko Zuzendaritzako kidea izan zen, baita Eibarko San Andres elizaren berriztatze-lanetan, Kontseiluko aholkulari ere.

Gaur egun Aranzadi Natur Zientzietako Elkarteko kidea da eta baita Euskalerriaren Adiskideen Elkartekoa ere. Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretari Elkarteak, aldiz, ohorezko kide izendatu dute Juan San Martin.

Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 36. edizioan, Durango merindadeko Adiskideen Gerediaga Elkarteak 2001.eko Durangoko Argizaiola omen-saria eman zion.

Azkenik, azpimarratzekoa da 2001. urtean, Eibarko Udalak, Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin, "Juan San Martin" beka sortu zuela, ikerketa sustatzeko eta Juan San Martin eibartar euskalari eta ikertzailea omentzeko. Beka honen saria Patxi Salaberri Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak jaso zuen. Geroztik, urtero antolatzen da euskaltzainaren izena daraman beka hori.

Juan San Martin Hondarribin hil zen, 2005eko maiatzaren 30ean.

Sariak eta omenaldiak

Hona hemen Juan San Martinek bere bizitzan zehar jasotako zenbait sari eta omenaldi:

  • Espainiako Mendi Federazioak zilarrezko domina eman zion 1955ean
  • Baionako Euskal Idazleen Entitateak Lauaxeta saria eman zion 1964. urtean
  • Euskal Idazleen Elkarteak ohorezko kide izendatu zuen
  • Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretari Elkarteak ohorezko kide izendatu zuen
  • 2001. urtean, Eibarko Udalak, Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin, "Juan San Martin" beka sortu zuen, ikerketa sustatzeko eta Juan San Martin eibartar euskalari eta ikertzailea omentzeko.
  • 2011. urtean. 36. Durangoko Liburu eta Disko Azokan, Durango merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkarteak "Durangoko Argizaiola" omen-saria eman zion.
  • 2002ko ekainaren 3an, Bilboko Liburu Azokak Urrezko Luma eman zion.
  • 2003ko urrian, Koldo Mitxelena Kulturuneak bere omenezko jardunaldiak antolatu zituen, Konpromisoa eta lekukotza euskal kulturaren zerbitzura izenburupean.
  • 2003ko abenduan, Hondarribiko urrezko domina eman zioten eta seme kuttuna izendatu
  • 2004ko ekainean, Eusko Ikaskuntzak eta Euskadiko Kutxak, Humanitate, Kultur, Arte eta Gizarte Zientzien 2004ko saria eman zioten.
  • 2004ko abuztuan, Zuloaga Museoak omendu zuen
  • 2005eko apirilean, Eibarko seme kuttuna izendatu zuten
Dokumentuaren akzioak
CodeSyntaxek egina, Plone erabilita