Romualdo Galdos Baertel
Eibarren jaio zen 1885eko otsailaren 7an, Ospitale kalean, San Andres parrokiaren aurrealdean zegoen etxe batean, Godoyrena deitzen zioten etxea. Bere aita, Marcelino Galdos, gubillista zen, Oñatikoa jatorriz; ama, Mercedes Baertel, Durangokoa. Lau anaia-arreba ziren: Margarita, Balendin –jesuita, Deustuko Unibertsitateko irakaslea-, Pedro "Galdos txiki" gaitzizenez ezagutzen zena, eta gazteena, Romualdo bera.
Zacarias
Ramos izan zen Romualdoren lehenengo maisua; eskola, Galdos familia bizi zen
etxeko etxabean zegoen. Eskola itxi ondoren, Zentro Kontserbadorearen egoitza
jarri zen han. 1902an, Romualdok nobiziotzari ekin zion Carrión de los Condes
herrian; urte bi igaro zituen han. Jesusen Lagundian 1904ko azaroaren 13an
sartu zen. Nobiziotza amaitu ondoren, Erretorika ikasten hasi zen
buru-belarri; Comillasen igaro zituen
hiru urteetan ikasitako latinaren ezagutza sakontzen.
Oñan egin zuten apaiz 1917ko uztailaren 30ean. 34 urte zituela, Jesusen Lagundiak Erromara bidali zuen Aita Santuaren Institutu Biblikoan ikastera; Biblian espezializatu zen. 1922an amaitu zituen bere ikasketak “cum laude” batekin. Oñara itzuli eta hebreera eta bibliako grekoa erakusten hasi zen, baina aldi berean bere doktoretza-tesia prestatzen hasi zen, latinez, “Tobiten liburua Bulgataren testuaren arabera” gaia hartuta. Tesia Erroman aurkeztu zuen Bibliaren Batzordearen aurrean; 1926ko urtarrilaren 17an liburu santuen Doktore titulua jaso zuen “magna cum laude" kalifikazioarekin. Tesia, Unibertsitate Gregorianoaren Liburu Santuen ikastaroko bilduman eman zen argitara 1930ean.
Romualdo Galdos izan zen gazteleraz hitz egiten duten herrialde guztietako lehen Doktorea Liburu Santuetan.
Eibarko Seme Ospetsua
1926ko abuztuaren 25eko bilkuran, Lorenzo Valenciaga zinegotziak, Aita Galdosi udalaren zorionik beroena helaraztea eta omenaldi bat egitea proposatu zuen; onartu egin zioten. Irailaren 15eko bilkuran jasota geratu zenez, udalak aita Galdosen gutun bat jaso zuen, eskerrak ematen. Eibarko Seme Ospetsu izendatu zuten 1926ko urriaren 6an, horrelako pertsona esanguratsu batek bere jaioterriari ematen zion ospeagatik eta aita Galdos Eibarko seme izateaz beti harro agertzen zelako.
Udalak
antolatu zituen ekitaldiek astebete iraun zuten: 1926ko abenduaren 23tik 1927ko
urtarrilaren 1era. Lehenengoa, Kruzeta antzokian izan zen; aita Galdosek
hitzaldi bat eskaini zien umeei Belengo estalpeaz diapositibekin lagunduta. Hilaren
27an Arraten omendu zuten eta,
izendapenari buruzko plaka bat jarri zuten elizaren horman, herritarren
artean dirua batuta egin zen plaka. Areto berean, hilaren 28an eta 29an,
erlijio kutsuko hitzaldiak eskaini zituen, musikaren eta proiekzioen laguntzaz.
Urtarrilaren 1ean, udaletxean,
damaskinatu bat entregatu zitzaion, Eibarko herriaren eta doktoregoaren
ikurrekin jantzia. Ondoren, udal osoko bilkura elizara joan zen; aita Galdosek
meza nagusia eman zuen.
Irakasle urte askoan: Oña, Marneffe, Erroma
Jesusen
Lagundia 1932an deuseztatu zen Gobernuaren urtarrilaren 23ko Dekretuz; Romualdo
Galdosi esker, Oñako Ikastegi nagusiak Belgikan jarraitu ahal izan zuen,
Marneffe herrian; hara jo zuten Oñako ikasleek, filosofoek eta teologoek. Han
jardun zuen lanean, irakasle, 1939ra arte. Urte hartan Erroman ere klaseak ematen
hasi zen, Erromako Unibertsitate Gregorianoan; 1938-39 ikasturtean Erromako Unibertsitate zuen irakasleku
bakarra eta hango Teologia Fakultatean erakusten zituen Biblia, hebreera eta
bibliaren grekoa. 1942ko ikasturtean berriro hasi zen leku bitan klaseak
ematen: Erroman eta Oñan; horrela jarraitu zuen 1953ko abenduaren 22an bere
azken lezioa eman arte.
Izan ere, 1953ko abenduaren 26an hil baitzen Eibarren. Eibarrera etorria zen, kontzeptzionistek eskatuta, Markeskoako komentuan gabon gabeko meza ematera.
Informazio gehiago
Iturriak:
Pedro Celaya, Aita Romualdo Galdos. Bere bizi urratsak
Loiolako
Biblioteka
Eibar
aldizkaria
