Eibarko historia

Gaztelako Alfonso XI. erregea izan zen 1346ko otsailaren 5ean Eibarri herri izateko eskumena luzatu ziona. Hala ere, ordurako bazegoen herria San Andres elizaren inguruan sortuta. Herri-agiria ematerakoan, gauzak aldatu egin ziren eta handik aurrera, herria eratzen joan, eta etxeak eta kaleak jaso ziren (Barrenkale, Elgetakale, Somera edo Txurio).

Erdi Aroa eta Aro Modernoa

Herri jaio berriak, 1346tik aurrera, zergarik eza eta askatasuna emanez, herria gidatuko zuen endorea edo alkatea izendatzeko ahalmena, etxaldeak eta beste gauza guztiak askatasun osoz saltzeko eta erosteko gaitasuna eta bertako mendietako egurtzak erabiltzeko baimena zuen. Baita lur-gorriak aratu eta lantzeko eskubidea, eta haziendentzako herriko larreetatik belarra hartzekoa ere.

Hurrengo lau mendeetan, jauntxoen arteko liskarrek eta frantziarren erasoaldiek kalte handia egin arren, armagintza goratzen eta garatzen joan zen, Eibarko historian zeresan eta zerikusi handia izango duen lanbidea. Armagintzaren sustraiak edo gremio nagusiak hauexek ziren: kanoiginak, kaxaginak, txispaginak eta aparejuginak. Horrek mesede egiten zion produkzioari eta beharginen prestakuntzari, bakoitzak bere ofizio jakina izaten baitzuen. Gaztelako erregeek ez zuten arazorik izaten Deba arroaren azpiegitura horri esker, armak eskuratzeko. Tailer txikiak ugaritzen joan ziren, eskopetak, arkabuzak, mosketeak eta fusilak egiten zituztenak. Egiten zena saldu beharra zegoenez merkataritzak indar handia hartu zuen; merkatua zabaltzen joan zen, ez bakarrik Espainian, baita Amerika aurkitu berrian ere.

Aro Garaikidea

1766ko matxinadak -artoaren eta gariaren garestitzeak sortutakoak-, eta 1794. urtean Frantziako tropen sarrerak herria lurjota utzi zuten. Kontzejua, eskolak eta elizaren zati bat erre egin zituzten; 116 etxe galdu ziren auzoetan eta arrabalean. Karlisten gerrateek ere ez zioten onik egin herriari, Eibar liberala zelako. Lehenengo huelga edo greba deia 1897ko abuztuaren 6an izan zen Eibarren, Mexikoko Quintana y Hermanos etxeari eskopetak eta esmitzak egiten zizkion tailerreko beharginena. Grebaldi hura erabakikorra izan zen sozialismoa herrian sustraitzeko orduan.

Antzinako gremioen jatorrikoak izanik, eibartarrek kooperatibaren sentimentua barnean zeramaten. XIX. mendearen amaiera aldean ahalegin batzuk egin arren, 1920. urtean izan zen grebarik luze eta gogorrenaren ondoren  sortu zenean Alfa , beharginen kooperatiba legez sortu ere. Grebaren ondorioa izan zen Alfa. XX. mendearen hasiera zaila izan zen, eibartarrak sarri askotan gorriak pasatakoak izan dira, baina nazioarteko merkatuen gora-beherek armagintzari min egin zioten hartakoa izan da herriaren sasoirik beltzenetarikoa. Hala ere gizarteak sendo ziharduen lanean; ordukoak dira Naparreri etxea, Arrateko kolonia, Gaixoendako etxea, beharginen Zentroak, liburutegiak eta Armeria Eskola bera. Armeria Eskola izan zen Eibarko industria eraldatu zuten tailerdunen harrobi, armagintzaren bidetik aldendu eta metalgintzaren esparruko produktuetara zuzendutako industriaren ernemuina.

Errepublika1931eko goizaldean Eibar II. Errepublika aldarrikatzen esnatu zen; aurrena izan zen estatu osoan. Errepublikak botere-banaketaren eraldaketa sakona ekarri zuen, ordura arte horrelakorik sekula izan ez zuten langileek boterera iristeko aukera eduki baitzuten. Bartzelonan Errepublika aldarrikatu zela jakin zutenean, eibartar guztiak plazan batu Alfonso XIII izena handik kendu eta Plaza de la República jarri zioten. Errepublika aldarrikatu zuen lehenengo herria izateagatik, hiri eredugarri titulua jaso zuen Eibarrek.

1937ko apirilaren 26an hautsi zen hura, bonbardeaketa izugarriaren ondoren, Mola generalaren tropek Eibar hartu zutenean, atzean ehundaka hildako utzi ondoren. Gerrateak suntsitu eta erre egin zuen Eibar; herriaren itxura goitik behera aldatu zen. 1940ko urriaren 8an, "Regiones Devastadas" delakoaren Zuzendaritza Nagusiak urbanizazio-proiektua onartu zuen, eta beste gauza askoren artean, Ego erreka tapatzea erabaki zuten, terreno gehiago edukitzeko asmoz.

Zailtasunak zailtasun, Eibar laster egokitu zen bizi izatea tokatu zitzaion garai berri hartara; industria dibertsifikatu zuen (bizikletak, autoendako piezak, etxeko tresneria...). Etorkin ugari etorri zen herrira behar bila, industriaren gorakadaren deiari erantzunda. Biztanleria asko goratu zen. Hala ere, 1982-1983 urteetan berriro beherakada demasa jasan zuen herriak, petroleoaren krisialdiak gogor eragin zion-eta. Aldaketa politikoak, enpresa batzuk zuten babesa galtzeak, teknologia berrien falta eta eguneratze ezak krisialdi handia ekarri zuten. Orain ostera, sektore askok eta askok -urte latz haiek ahaztuta- gora egin dute: makina-erramintak, automozioak, eraldaketa-industriek, teknologia berriek... Lehena eta oraina batzen dituen herri honetan, oraindik bizirik diraute eskopetak eskuz egiten dituzten tailer txikiek, grabatugintzan diharduten behargin saiatuek.

Eibar aurrera doa biztanle gutxiago eduki arren, zerbitzuen eta industriaren hiri izan gura du; horixe da hartu duen bidea.

Dokumentuaren akzioak