Hemen zaude: Hasiera Batzordea

Batzordea

Mujeres Eibar Ego IbarraEibarko udaleko Ego Ibarra Batzordea 1989. urtean jaio zen, Aurora Bascaran Eibarko alkate zela. Batzordearen helburu nagusiak, herriaren oroimen historikoa gordetzea eta Eibarko euskararen ikerketa bultzatzea dira. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek eratutako Batzordea da, eta udalkide eta administrazio barruko jendeaz gain, Batzordeak, aholkulariak ere baditu, historiarekiko zaletasuna dutenak eta gure herriko historiaren hainbat esparrutan lanean dihardutenak.

Batzordea hazten joan den neurrian bere jardunaren esparrua finkatu egin du, beti ere, hasierako asmo edo helburu nagusi biak ahazteke. Eibarko ondare historikoa eta kulturala aztertzeko, berreskuratzeko eta zabaltzeko lanaren inguruan, ondoko lau hauek dira Batzordeak duen jardunaren ardatz nagusiak:

  1. Argitalpenak: Ego Ibarra Batzordeak hasieratik garbi izan zuen bere zeregin nagusienetakoa zein izan behar zen: herriko ondarearen berri ematea eta ondarea ezagutaraztea jende orori. Argitalpenetan ahalegin berezia egin du eta une honetan hogeitamarretik gora dira argitara eman dituenak.
  2. Erakusketak: Erakusketa bereziak dira Batzordeak hedapenaren alde darabilen beste zutabea Eibarko bizimoduaren eta kulturaren hainbat esparru ezagutarazteko asmoz. Aurreneko erakusketa "Eibarko Emakumeak" izan zen, eta ordutik hona 9 izan dira burutu dituenak. Hona hemen: Eibarko Emakumeak (1994); Juan Antonio Mogel 1745-1804 (1995); Eibar: 650. urteurrena (1346-1996); Laixetan, Garixetan (1998); Gregorio Santa Kruz (1998); Armian Animia (2000), Republikia: 1931-2001 (2001); Eibar argipean (2002); eta Antenan Gaude (2003).
  3. Ikerketak: Lanaren ardatz nagusienetarikoa; hedapenaren sustraia. Herriko ikerlariek egindako lanak dira Batzordearen jomuga eta xede baina herriari buruzko ikerketak egin dituzten kanpoko ikerlariek ere beti dauzkate ateak zabalik. 
  4. Fondoak berreskuratzea: Agiriekin eta bestelako elementuekin osatutako Fondoak jasotzen eta berreskuratzen ahalegintzen gara. Gehienak partikularrek egindako dohaintzak dira, eta Udal Artxiboak kudeatzen ditu.
  5. Hitzaldiak eta aurkezpenak: Azkenik, Ego Ibarra batzordeak hitzaldiak ere antolatzen ditu urtean zehar, betiere historia eta kultura ondarearekin zerikusia duten ekitaldiak. Hitzaldi horietako zenbait udaleko Kultura Sailarekin batera antolatzen dira. Horiez gainera, proiektu, ikerkuntza eta liburuen aurkezpenak ere antolatzen dira urtero, eta horien inguruan ere izen handiko hizlariak gonbidatzen ditugu Eibarrera.
Dokumentuaren akzioak
CodeSyntaxek egina, Plone erabilita